Errenteriako Udalak eta Fiarek akordio bat sinatu dute gaur eguerdian, eta horri esker, udala banku etikoko bazkide izango da. Fiare kreditu kooperatiba bat osatzeko proiektu bat da, eta bazkideek jarritako dirua proiektu sozialetan inbertitzen dute. Bazkideek batzarretan parte hartzen dute, eta beraiek dira erabaki eskubidea dutenak. Banku etikoa da, irabazi asmorik gabea, eta behetik gora eraikitzen dena.
Julen Mendoza alkateak bankuaren ibilbidea goraipatu du, proiektu horrek udalaren filosofiarekin erabat bat datorrela esan du. Ildo horretatik, udalak ere konpromiso horrekin lanean jarraituko duela azaldu du, “beste eredu batean” sinisten duelako. Hala, aurrera begira ere elkarlanean aritzeko prestutasuna erakutsi du.
Juan Gabiri Fiareko kideak azaldu duenez, ez da erraza horrelako hitzarmen bat lortzea, baina pixkanaka proiektua horrelako konpromisoei esker aurrera doa. Fiareren asmoa komunitateak jartzen duen dirua “guztien mesedetan” autogestionatzea dela jakinarazi du. Hitzarmen horrek ibilbide luzea izatea espero du.












