Aurrenekoa iaz izan zen eta bigarrena aurten. Hibaika Arraun Elkarteko neskek bigarren aldiz lortu dute Berdintasun Kontseiluak ematen duen espontsorizazioa. Diru laguntza nori eman erabakitzeko zerrenda bat egiten dute talde bakoitzak lortutako puntuazioa kontuan hartuta. Puntuak emateko zenbait alderdi izaten dituzte kontuan, eta gehien pilatzen dituzten hiru taldeak espontsorizatzen ditu kontseiluak. Hibaika, hain zuzen, puntu gehien lortu dituen taldea izan da aurten: 77.
Horri esker, iaz bezala Berdintasun Kontseiluaren irudia eramango dute seniorrek elastikoan, eta 2.000 euroko diru laguntza ere jasoko dute.
Iaz, laguntza horri esker, batel propioa lortu zuen Hibaikak, bigarren eskuko batela erosi baitzuen. Eli Pescador arraun elkarteko kidearen arabera, lorpen garrantzitsua izan zen: “Agian kanpotik begiratuta, ez du garrantzia handirik bote bat edo bestea erabiltzeak, baina bakoitzari bere neurria hartu behar zaio, eta erabiltzen jakin”.
Batel propioa lortzea ere joan den denboraldiko emaitza onen arrazoietako bat izan da. Seniorren taldea Gipuzkoako Batel Ligako eta Euskadiko txapeldun izan da, eta Gipuzkoako eta Espainiako txapelketetan bigarren geratu da. “Emaitzekin oso pozik gaude; bateletan oso emaitza onak lortu ditugu, trainerilletan ere oso kontent aritu gara, eta traineruetan ere, trainerua ateratzen dugun lehen urtea dela kontuan hartuta, pozik gaude”.
Diru laguntza bateletara soilik zuzenduta zegoen arren, iaz Hibaikako historian lehen aldiz, emakumeen trainerua ateratzea lortu zuten. Emaitzak batelekin alderatzerik ez dauden arren, garrantzitsuena trainerua uretaratzea izan dela azaldu du Hibaikako kideak: “Klub bezala oso zaila da horrelako proiektu bati irtenbidea ematea, izugarria izan da”.
Hala ere, Pescadorren iritziz, oro har, uretan egotea izan da garrantzitsuena, batel, trainerilla eta traineruetan. “Klubak ez du sekula halako parte hartze handirik izan”. Haur-Kadete eta Gazte-Senior mailak kontuan hartuta, lauzpabost batel ateratzen zituzten estropada batzuetan, trainerilletan —gazte eta seniorretan— bi, eta azkenik, trainerua.
Datu horiek arrauna herriko emakumeen arreta bereganatzen ari dela erakusten dute, Pescadorren iritziz: “Gutxinaka hurbiltzen ari dira, erraza ez den arren. Geroz eta gehiago ezagutzen den kirola da”.
Denboraldi berria
Seniorren taldea astelehenean hasiko da entrenatzen. Oraindik taldea erabat osatu gabe daukate, nahiz eta harreman batzuk eginak dituzten: “Jende berria etorriko da, baina datorren oro ongi-etorria izango da”. Beraz, norbaitek arrauna probatzeko interesa badu, elkartetik pasatu daiteke informazioa eskatu edo izena ematera. Hasteko, astelehen, asteazken eta ostiraletan entrenatuko dute 19:30etik aurrera, eta Iker Cortes ariko da entrenatzaile lanetan.
Orain prestatzen hasi arren, negura arte itxaron beharko dute lehiatzen hasteko. Batelak abendua-urtarrilean hasiko dira, trainerillak apirila erdialdean eta traineruak ekainean. Ez dute samurra izango iazko emaitzak errepikatzen, baina saiatuko direla azaldu du Pescadorrek: “Emaitza onak lortu genituen eta hori mantentzea zaila da”.
Berdintasun Kontseiluaren espontsorizazioa bultzada bat izango da horretarako. Pescadorren esanetan, Hibaika talde txikia da, eta halako laguntzarik gabe zaila litzaieke aurrera egitea. Behintzat, lan ona egin duten seinale izan dela iritzi dio aurten ere hura lortu izana, “esfortzu handiarekin ateratzen dugu taldea aurrera, eta hori baloratuta ikustea ondo egindako lanaren ondorio da”, adierazi du.











