Etzi, Conjunto Mexico Folklorico taldeak dantza ikuskizuna emango du Gamon Zumardian
Dantzaren zaleek asteburu biribilaz goza dezakete Errenteria-Oreretan. Bihar, Erromeria Eguna egingo dute Ereintza dantza taldearen eskutik, eta etzi, berriz, dantzarako tarte gehiago egin dute Ereintzakoek, Errenteria Dantzanen barruko emanaldia antolatu dutelako. Biharko euskal dantza girotik, Mexikoko dantzarien ikuskizunera pasatuko dira errenteriarrak egun batetik bestera. Erromeria Egunaren informazio gehiago gaurko Boga astekariaren Txanpa atalean lor daiteke.
Izan ere, etzi, 19:30etik aurrera, Conjunto Mexico Folklorico taldeak ikuskizuna emango du Gamon Zumardian. Ereintzako dantzariek ere parte hartuko dute ikuskizunean. 1990. urtean jaiotako taldea da bisitan etorriko dena. Herrialde hartako Queretaro estatukoak dira Errenteria-Oreretara etorriko diren dantzariak.
Mexikarren helburua da bertako herritarren kultura mantentzea, sustatzea eta zabaltzea, dantzaren bidez. Horretarako gogor entseatzen dutela adierazi dute Ereintzako ordezkariek, eta bertako partaide gehienak unibertsitateko ikasleak direla, hortaz, aldiro-aldiro aldaketak izaten dituzte dantzarien artean.
Nazioartean ezagunak
Mexikoko 22 estatutan egin dituzte dantzaldiak Conjunto Mexico Folkloriko taldekoek. Horrez gain, nazioartera ere zabaldu dute euren jarduna, eta besteak beste, Frantzian, Italian, Belgikan, Argentinan edo Kanadan izan dira. Errepertorioaren zati handi batek ikerketan du oinarri, Mexikoko herri dantzen gaineko ikerketetan, hain zuzen ere.











