Hautsak harrotu ditu txupinazoak

Madalen jaietako omenduen aukeraketak hautsak harrotu ditu. Jai giroan herriko eragile, talde eta norbanakoen lana aitortzea du helburu, eta aurten, jaio zeneko 50. urteurrena beteko duen Alabergako danborradak jasoko du ohore hori. Danborradaren izenean, egungo zuzendari Mitxel Blanco Txuri, Josetxo Ule zuzendari ohia, Mila Urrutia haurren danborradaren zuzendaria eta beti danborradaren atzean izan den Maite Hernandezek piztuko dute jaiei hasiera emango dien txupinaren metxa, udaleko bozeramaileen bilkurak aho batez hala onartuta.

Omenduetako baten aukeraketak, ordea, Ulerenak zehazki, Amalatz, Bilgune Feminista eta Garaipen talde feministen haserrea eragin du, Errenteria-Oreretako emakumeenganako “iraintzat” hartu baitute aukeraketa hori: “Danborrada zuzendu duen urte guztietan, bera zuzendari izan bitartean emakumeak kantinera gisa baino ez zirela aterako publikoki adierazi izan du Ulek”.  “Sorpresa desatsegina”
Izan ere, urte luzeetan, soilik gizonek izan dute Alabergako danborradan danbor edo barril jotzaile gisa irteteko aukera, emakumeek kantinera moduan baino parte hartzerik ez zuten bitartean. Herriko talde feministek gogorarazi dute, halaber, “biztanleriaren erdia diskriminatzen” zituzten halako ekintzak diruz ez laguntzeko eskatu ziotela udalari, eta eskaera haren ondorioz, egun, Alabergako danborrada mistoa dela, eta beste zuzendari bat duela nabarmendu dute.

Ule omentzeko proposamenak “sorpresa desatsegina” ekarri diela gaineratu dute Bilgune Feministak, Amalatzek eta Garaipenek.”Udalak memoria eskasa duela erakutsi digu, gainera”, esan dute.

“Esfortzu diplomatikoa”
Herriko hainbat sektoreren artean Ulek sor ditzakeen kontrakotasunak eta emozioak “oso ulergarriak” iruditzen zaizkiola esanda, omenduko dena “Alabergako danborrada osoa” dela nabarmendu du Errenteriako Udalak: “Danborradaren 50 urte luzeko ibilbidea omendu nahi dugu, eta horrek egin duen lana, ez pertsona konkretua”. Horren harira, “askotariko sentsibilitateekin” topo egin dutela azaldu du udalak, eta akordio batera heldu ahal izateko, udalak, Alabergako danborradak eta Arditurri Alabergako auzo elkarteak “esfortzu diplomatiko handia” egin behar izan dutela zehaztu du, “omenduak aukeratzeko garaian, ahalik eta kontsentsurik handiena izan behar dugula baloratzen dugulako”. Akordio horren barruan, parekidetasuna ziurtatzeari “berebiziko” garrantzia eman dio udalak, bestalde: “Izan ere, txupinazoa jaurtiko duten lau lagunen artean bi emakume eta bi gizon izango dira, eta hori aurrerapauso gisa uler daiteke”.

Emakume taldeekin bilerak
Udalak gaiaren gaineko azalpenak emateko emakume taldeekin aurrez aurre biltzeko asmoa duela iragarri du, “prozesu guztia nola joan den azaldu eta beraien arrazoiak entzuteko ere”.

Bien bitartean, Alabergako danborradaren 50. urteurrena ospatzeko, “jarrera matxistak saritzen ez dituen moduak” bilatzeko eskatu diote Errenteriako Udalari Amalatz, Bilgune Feminista, eta Garaipen feminista taldeek, “eta jaietan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko”.

 

Etiketak: , , , , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Tertangako etxea
245,00 €

deskontua

%30

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)