Laranjaz jantziko da Koadrilen Eguna

Datorren igandean, hilak 8, izango da Koadrilen Eguneko bazkarirako txartelak erosteko azken eguna. Dagoeneko 300 lagunek eman dute izena 23an Errenteria-Oreretako kaleak laranjaz jantziko dituen ekimenerako.

Datorren igandea izango da madalenetako Koadrilen Eguneko bazkarirako txartela erosteko azken eguna. Interesdunek Sindikato edo Arkaitza tabernetan erosi beharko dute txartela, 15 euroan orokorra, eta 8 euroan haurrena, eta aldi berean behar duten kamisetaren neurria zehaztu. Txartelak elastikoengatik trukatu beharko dituzte ondoren, hilaren 18an eta 19an, txosna gunean. Orain arte, egunean bertan txartelak erosteko aukera zegoen, baina azken urteko parte hartze zabala kontuan hartuta, antolatzaileek aldaketak egitea erabaki dute. Jone Mendigutxia eta Amets Badiola antolaketa lanetan dabiltza, eta beraiek azaldu dute aldaketaren arrazoia: “Azken egunera arte zegoen aukera txartela erosteko, eta beraz, egunean bertan banatzen genuen kamiseta. Guztiak tamaina berekoak egiten genituen, eta kamiseta kopuru zehatza kalkulatzerik ez zegoen, gainera”.

Entsalada lehiaketa
Bestalde, lehenengo aldiz, haurrentzako elastikoak aterako dituztela jakinarazi du Badiolak, “gero eta gehiago direlako azken urteetan bazkarian parte hartzen duten haurrak”. Aldaketa gehiago ere izango ditu aurtengo Koadrilen Egunak, izan ere kalderete txapelketa ez dute egingo. “Historikoa zen, baina bertan behera uztea erabaki dugu gero eta jende gehiagok parte hartzen zuelako. Azpiegitura handiagoak behar genituen hortaz, eta bideraezina bihurtu da”, azaldu du Mendigutxiak. Horren ordez, entsalada lehiaketa antolatu dute. “Horretarako izena eman behar dute hilaren 15a baino lehen parte hartu nahi dutenek, Arkaitza eta Sindikato tabernetan, koadrilaren izena eta egingo duten entsaladaren izenak zehaztuta”, esan du Badiolak. Parte hartzaileek, 10:00etan hasita, hogeita bost lagunentzako entsalada prestatu beharko dute, 25 eurorekin, bazkariaren egunean bertan, 14:00etarako. Izan ere, entsalada horiek izango dira bazkariaren lehenengo platera. Horrekin batera paella erraldoiak, postrea eta kafeak osatuko dute Koadrilen Eguneko menua. 300 lagunek izena eman dute jada bazkarirako astebeteko epean. Badiola eta Mendigutxiaren ustez ez da erraza izango iaz beste jende biltzea aurten, “astelehena izanik zailagoa izango da, baina hori dugu helburua, Oreretako adin guztietako koadrilek bat egitea egunarekin”. Goizean hasiko dira herria laranjaz tindatzen parte hartzaileak, kolore hori aukeratu baitute aurtengo kamiseta egiteko. Entsalada lehiaketarekin hasiko dute eguna Agirre Lehendakariaren plazan, eta bazkariaren ondoren, berriz, poteoa egingo dute DJ Bullekin batera herritik. Gauean, berriz, Trakets taldearekin dantzaldia egingo dute txosnetan.

Etiketak: , , , , , , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Hazi ta Hezi
15,00 €
Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)