Bi urteko lanen ondoren, gaur inauguratuko dituzte Kaputxinoetako igerilekuak. Udal ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako Patxi Mutiloa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ikerne Badiola eta Beraun, Kaputxinoak, Alaberga, Galtzaraborda eta Igantziko auzo elkarteetako ordezkariak izango dira gaur 13:00etan egingo duten inaugurazio ekitaldian.
Herritarrek, ordea, ezingo dituzte astelehenera arte erabili, orduan zabalduko baititu ateak instalazio berriak. Diseinu berritzaileko eta mailaka egindako bost ontzi independentek osatzen dute igerilekuaren bainurako eremua. Kaputxinoetakoak diseinatzeko Hernaniko igerilekuen eredua hartu dutela azaldu du Xabier Agirre udal arkitektoak, “igerileku ludikoak deitzen zaie halako itxura dutenei”.
Igerilekua, zenbakitan
Igerileku bakoitzak bere erabilera izango du, eta igerilekuen banaketak, adinen arteko bereizketa egiteko ere balioko duela adierazi du Agirrek. Hala nola, lehenengoa, bigarrena eta laugarrena, igeri egin eta bainurako baliatu ahalko dituzte erabiltzaileek. Hirugarrena, berriz, igerileku gunean dauden bi toboganetatik behera datozenak hartzeko balioko du soilik. “Horretan ezingo du inork igeri egin edo bainua hartu”, nabarmendu du Serviocio enpresako kudeatzaile Luis Peñak. Bosgarrena eta azkena, berriz, txikienei begirakoa da, bertan plisti-plasta aritzeko gunea izango dute.
Kaputxinoetako igerilekuek 8.700 metro koadroko azalera dute orotara, ur eremuak, berriz, 700 metro koadroko azalera du. Erabiltzaile kopuruari dagokionean, 657 lagun har ditzake gehienez instalazio berriak, eta ur eremuan 220 lagun bainatu daitezke batera bertako bost igerilekuetan. Uretan daudenak zaintzeko hiru soroslek egingo dute lan.
Orain arteko lanak egiteko 1.400.000 euroko inbertsioa egin dute, eta horietatik 200.000 euro jarri ditu udalak. Gainontzekoa aldundiak eta Jaurlaritzak jarri dute, 700.000 euro eta 500.000 euro, hurrenez hurren.
Aldagelak datorren udarako
Hala ere, igerilekuetan egin beharreko lanak ez direla bukatu gogorarazi du Luisma Diez Hirigintzako zinegotziak: “Hurrengo fasean aldagelak eta taberna egin behar ditugu. Irailean aterako da lehiaketara, eta datorren urterako amaituta egon behar dute”. Horretarako, udalak 1.500.000 euroko inbertsioa egin beharko duela zehaztu du Diezek. “Aldundiak laguntza emango duela esan digu, baina Eusko Jaurlaritzaren erantzunik ez dugu jaso oraindik. Egoera ekonomikoa dagoenean egonda, ez da erraza”.
Izan ere, aldagelak epe jakin batean egitera derrigortua dago udala. Behin betikoak eraiki arte, berriz, behin-behineko aldagelak jarri dituzte igerilekuan.
Lortutako emaitzarekin “gustura” azaldu dira Julen Mendoza alkatea, Luisma Diez Hirigintza zinegotzia eta Jose Manuel Ferradas Kiroletako zinegotzia. “Inguruko auzoetan bizi den herritar kopurua dela eta, beharrezkoa zen igerilekua, Fanderiakoak ezin dituelako ase herritar guztien beharrak. Horren harira, kiroldegiko bazkideek igerileku berrira sartzeagatik ez dutela ordaindu beharko zehaztu du Diezek, prezio berberean zerbitzu bat gehiago jasoko dute”. Sarreretan murrizketak egin dituztela gaineratu du , “aldagelak egiteko daudenez, horiek egin arte sarrera merkatzea erabaki dugu”.
Horren arabera, aurten bazkide ez direnek 5,50 euro ordaindu beharko dute Kaputxinoetako igerilekurako sarrera; 14 urtetik beherakoek 3,90 euro eta 3 urtetik beherakoak, berriz, doan sartuko dira Kaputxinoetako aisia azpiegiturara.
Inkesta: Zer iruditzen zaizu Kaputxinoetako igerileku berriak zabaltzea?
Anabel Riancho
56 urte. Alaberga.
“Ongi iruditzen zait. Ni lehen Galtzarabordako igerilekura joaten nintzen, eta orain hauek etxetik hurbilago izango ditut eta oso ongi datorkit. Aurten ez dut uste, baina datorren urtean erabiliko ditut”.
Javi Zanbrano
30 urte. Beraun.
“Ez zait iruditzen beharrezkoa zenik. Aurreko alkateak hartu zuen erabakia eta oraingo udalak erantzun egin behar izan dio. Ni mendizalea naiz, baina agian neskalagunarekin batera joango naiz noiz edo noiz”.
Angelines Escolar
70 urte. Beraun.
“Ongi iruditzen zait. Nik ez dut uste erabiliko ditudanik, baina igerilekuetara joatea gustatzen zaienentzako primeran iruditzen zait Kaputxinoetan igerileku berriak zabaldu izana. Gainera, behar zirela uste dut”











[...] Kaputxinoetako Udal Igerilekuak inauguratzeko ekitaldia egingo dute gaur egerdiko ordubatean. Julen Mendoza alkatea, Jose Manuel Ferradas Kirol patronatuko presidentea, Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako Kiroletako zuzendendaria eta Ikerne Badiola Foru aldundiko Kultura, gazteria eta Kiroletako diputatuarekin batera, alderdi guztietako udal ordezkariak eta Beraun, Igantzi, Galtzaraborda, kaputxinoak eta alabergako auzo elkarteetako ordezkariak hartuko dute parte ekitaldian. Igerileku berriek, datorren astelehenean, (hilaren 18an) zabalduko dituzte ateak herritarrentzat. [...]