Gaztañoko Krosean izena eman daiteke oraindik

Gaztañoko San Joan suaZapatilak eta korrika egiteko arropa janzteko eguna izango da larunbata. Egun horretarako, herriko kaleetan barrena krosa antolatu dute Gaztañoko jaien barruan. Animatu nahi duenak oraindik aukera izango du izena emateko, errenteria.hitza.info webgunearen bitartez. Lasterketaren aurretik izena emanez gero, 6 euro ordaindu behar dira, eta egunean bertan eginez gero, berriz, 8 euro.

Lasterketak 6,5 kilometroko ibilbidea izango du, eta ibilbideari bi bira eman beharko zaizkio. Gaztañoko plazatik aterako dira korrikalariak eta Gaztaño etorbideko maldatxoa igo, Pontika auzo aldera joan, autopistako zubi paretik pasatu eta bidegorria hartu, Arramendiko kaskorantz joan, Agustinak auzora iritsi, eta Gaztañoko plazara jaitsiko dira berriro. Bigarren biran, ibilbide horri auzoan zehar emango dituzten buelta batzuk gaineratu behar zaizkio.

Bukaeran, sariak izango dira parte hartzaile guztientzat, eta energiak berreskuratzeko pintxo poteoa ere izango da.

Etzi, jaien hasiera
Gaztañoko I. Krosa auzoko jaien barruan dago, eta hain zuzen, etzi hasiko dira. Urtero jaiak girotzeko gai bat jartzen dute, eta iaz Bizkaia izan bazen eta auzoko txokoak kolore zuri-gorriz jantzi bazituzten, aurten Nafarroako gorri kolorez apainduko dituzte.

Jaiak etzi hasiko diren arren, egun handia larunbata izango da, eta ekitaldiz beteta egongo da. Goizean krosa izango da, eta arratsaldean, berriz, mus txapelketa, haur jokoak eta afari-jaialdia. Txartelak 15 euroren truke eros daitezke, jai batzordearekin harremanetan jarrita. Segidan, goizaldera arte, Yogurinha Borova DJ eta DJ 2ttor-ek dantza giroa jarriko dute.

Beste estilo bat nahiago dutenek, reggae gaua izango dute gaztetxean, Selektah Stepi eta Nasahari Soundekin. Gau guztia esna pasatzen dutenek goizean baratxuri zoparekin tripa berotuta joan ahal izango dira lotara.
Hurrengo egunean, berriz, toka eta bote jokoak eta erretiratuen bazkaria izango dira. Horrez gain, Gaztañotik Mundura eta Mundutik Gaztañora ekimena egingo dute, aurten Txileko musika eta janariarekin.

Hurrengo astean ere, San Joan bezperan, nahikoa festa izango da arratsaldetik aurrera auzoan: Gorritiren animaliak, janari eta edaria, txalaparta, San Joan sua eta zezensuzkoa. Goizaldera arte, gainera, DJ Bullek jarriko du musika.

Etziko egitaraua

  • 18:00. Irrien laguna ekitaldiaren barruan, Ekin kanta eta dantza emanaldia.
  • Jarraian. Maritxu Moxkorraren jaitsiera eta buruhandiak.
  • Segidan. Patata tortilla lehiaketa, eta kamiseta banaketa aurten jaiotako gaztañotarrei.
  • Ondoren. Nafar performatzea, Gaztaño Nafarroa bihurtuko dute.
  • 22:30. 7 balak, BC Bombs, NPJ eta Hell Beer Boys taldeen kontzertua, plazan, gaztetxearen eskutik.

Etiketak: , , , , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Up Digital
339,00 €
Goierriko Zerbitzuak

Zer aurkitu nahi duzu?

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)