Ez dute erakunde armatuko agintari bezala epaitzeko eskatuko; etakide izatea leporatuko diote. Gurrutxaga eta Xabier Aranburu igandean atxilotu zituzten
Parisko Fiskaltza antiterroristak adierazi du ikertzaileen datuen arabera ezin dela esan Oroitz Gurrutxaga Gogorza (Errenteria-Orereta, 1981) ETAko talde militarreko burua zenik eta, ondorioz, ez dutela ETAko agintari gisa epaitzeko eskatuko. Haren arabera, etakide izatea leporatuko diote.
Gurrutxaga eta Xabier Aranburu Sagarminaga (Ondarroa, 1979) ustezko etakideak Parisen dauzkate asteartetik, epailearen aurretik pasatzeko. Igandean atzeman zituen Frantziako Poliziak, Caunan (Akitania). Atxiloaldia gehienez ere 96 ordukoa izaten da Frantziako Errepublikan.
Ustez auto batean zihoazela atxilotu zituzten. Autoak matrikula faltsua zeukala esan zuen Poliziak, eta biek armak zituztela.
Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari eskatu dio Frantziari Gurrutxaga Espainiaratzeko galdegiteko, kale erasoak egitea eta jendaurrean ETAko kidea dela esatea leporatuta.
Polizia iturriek diotenez, Gurrutxagak 2008an egin zuen ihes etxetik. ETAko talde militarreko buru jo dute. Aranburuk etxetik 2010ean alde egin zuela esan dute iturri haiek, eta Gurrutxagaren laguntzailea zela ETAko talde militarrean.
ETAk iazko urriaren 20an esan zuen behin betiko bukatu duela jarduera armatua.












