Duela egun batzuk PSE-EEk udalaren kudeaketa kritikatu zuen, eta hala nola, hiri mantenua eta garbiketa “alboratuta” zituela adierazi zuen. Orain, Galtzarabordako auzo elkarteak PSE-EEren jarrera kritikatu du, eta adierazpen horiek faltsutzat jo ditu.
Auzo elkartearen arabera, Luisma Diez Hirigintza, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziarekin bildu ziren, eta Galtzarabordan zituzten arazoen berri eman zioten: “Batzuk eskaera zaharrak izan dira eta besteak berriak, horietako batzuk aurreko arduradunek gaizki egin eta ikuskatutako obren eraginez”.
Kudeaketarekin, “pozik”
Egungo gobernuak egindako lanarekin “pozik” dela adierazi du auzo elkarteak, lehenago egin ez diren “obra txikiak” egiten ari delako. Aurreko gobernuari horiek egiteko behin eta berriz eskatzen ibili zirela esan du, “beti emaitza berarekin, ez zuten ezer egiten”. Orain, berriz, “auzoa garbiago eta hobeto zainduta” dagoela iritzi dio. Horrenbestez, PSE-EEri “jarrera aldatzeko” eskatu dio, eta “demagogia populista” ez erabiltzeko.









