Kaldereroak gaur helduko dira Hungariatik Irun, Pasaia eta Errenteria-Oreretara inauteriak iragartzera. Trintxerpen arratsaldeko bostetan elkartuko da haurren konpartsa Karmengo Ama ikastetxeko jolastokian. Helduen konpartsa, 18:30ean elkartuko da Serafin Esnaola plaza. Azken horretarako, parte hartzaile bakoitzak eraman beharko ditu zartagina eta mailua antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Irunen 19:00etan irtengo da Irungo Atsegiñak antolatutako kaldereroen konpartsa Alberto Anguera plazatik. Oiartzun eta Hondarribia kaleak eta Kolon Pasealekua pasata, San Juan Plazan bukatuko du desfilea konpartsak.
Errenteria-Oreretan, berriz Alaberga auzotik irtengo da kaldereroen konpartsa 20:30ean. Herriko kaleak zeharkatuta, Zumardiraino helduko dira eta bertan jarriko dute hungariarrek kanpamendua.
Bihar, berriz, Telleri Alde ikastetxeko Guraso Elkarteak antolatuta, Kalderero Txikien konpratsa irtengo da ikastetxe horretatik 11:00etan. Txistularien Udal Bandarekin batera astinduko dituzte Tellerikoek mailu eta zartaginak eta herriko kaleak zeharkatu ondoren Adinduen udal Egoitzara joango dira.
Gamon, Beraun Berri eta karmengo amako ikasleak atzo irten ziren
Gaur bakarrik ez, atzokoan ere izan zen zartagin eta mailu hotsak entzuteko aukera. Izan ere, ikastetxeetako haurren konpartsak atzo irte baitzeren kalera. Hala egin zuten Errenteria-Oreretako Cristobal Gamon eta Beraun Berri, eta Trintxerpeko Karmengo Ama ikastetxeko ikasleek.
San Pedrora ere atzo heldu ziren kaldereroak eta txokolate jatea eta makillaje saioa egin ondoren, barrutiko kaleak zartagin eta mailu hotsez bete zituzten.









