Moroak, etorkinak eta gu

«Ez dago bere burua morotzat duen inor. Beste batzuk hartzen dute halakoa morotzat, zanpatu nahi dutenean. Eta hargatik gara edo izan gaitezke denak moroak. Musulman hala euskaldun, emakumeak nahiz homosexual, beltz nahiz pobre».

Ostiraleko Berria-n Sarrionaindiaren iritzi artikuluaren pasarte hori irakurri nuenean poztu nintzen. Duela hamar urte, gauza bera adierazi nahi izan zuen Marcos komandanteordeak, bera ere, «homosexuala, beltza, lurraren kolorekoa, judua edo arabea…» zela esanez. Alegia, edozein zelarik zapalkuntza, bera zapalduekin identifikatzen zela.

Poztu nintzen, zeren Berria-ren ale berean, Boga izeneko aldizkariaren «asteko errepasoan», Errenteriako Iztieta auzoaren berri ematen zen (argazkia eta guzti), aditzera emanez «haserre daude Iztietako bizilagunak… bertan lasai bizitzeko eskubidea dutela uste dute baitute».

Izan ere, Iztietan, Euskal Herriko hainbat tokitan bezala, arazoak daude, gehienak gizarte kapitalista honek sortutakoak, eta bizi dugun krisi garai hauetan gordindu direnak. Lasai bizitzeko eskubidea defendatu beharra dago, arazoen iturrietara joaz. Baina ez dut uste haserre hori modu egokian bideratzen denik «moroak» (alegia, magrebiarrak) arazoen iturritzat balioetsiz. Aski izan da zorigaiztoko istilu batean magrebiar bat nahastua egotea, «moroak» erruduntzat hartzeko. Ez da zuzena, eta arriskutsua da.

Une honetan, inoiz baino gehiago, denok gara moroak hemen. Krisiak gogor kolpatzen du munduko lurralde guztietan, eta horren ondorioz, migrazioak areagotzen ari dira, gure gizarteak geroz eta pluralagoak, heterogeneoak bihurtuz. Gu ere, gure seme-alabak ere, ez gaude, agian, horrelako esperientzietatik libre.

Adi gainera. Askotan oso mehea da zapaldua izatetik zapaltzailea izatera pasatzeko marra. Gertatzen da ere zapaltzaile eta zapaldua izatea aldi berean; esate baterako, emakume burgesak beren neskameekin, langile batzuek beren menpekoekin edo mendabaldeko nazio zapalduetako hiritarrok hirugarren munduarekin, haren ustiaketagaitik garelako «aberats edo ez hain pobre».

Joxe Iriarte Bikila. Errenteria-Orereta

Etiketak: , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Salbide jatetxea
22,00 €
Goierriko Zerbitzuak

Zer aurkitu nahi duzu?

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)