2025erako Errenteria-Orereta berri bat eraiki nahi du udalak herritarren parte hartzearekin. Larunbat goizean aurkeztu zuen Udal Gobernu Taldeak Errenteria 2025 plan estrategikoa Merkatuzarren, eta deialdiak herritarren jakin-mina piztu zuten: 300 lagunetik gora hurbildu ziren, eta ekitaldia zutik jarraitu behar izan zutenak ere izan ziren.
Udal Gobernu Taldeak proposatutako plana Errenteria-Oreretak izango duen lehenengoa izango da. 2025erako nahi dute burutua, eta horretarako, “ezinbestekoa” ikusten dute herritarren parte hartzea, Julen Mendoza alkatearen arabera. Prozesu parte hartzailea datorren urtean hasiko da, eta 2013an bukatu.
Larunbateko ekitaldia “inflexio puntua” izatea espero du Mendozak, “lehen hazia”. Gaineratu zuenez, herritarrek “boteretu” egin behar dute, eta “eta etorkizunean nahi duten herria zein izango den erabaki”. Horren haritik, proposamenak azaltzea “ariketa demokratikoa” izango dela adierazi zuen.
Eskualdeari dagokionez, Oarsoaldeari “potentzialitatea” eman behar zaiola esan zuen, “Donostia-Irun, edo, zergatik ez, Donostia-Baiona hirian erreferente izan behar du”. Horretarako, erakundeei, sindikatuei eta elkarteei elkarlana eskatu zien.
Plan estrategiko hori sektoreka landuko dute, eta arlo bakoitzaren gaineko azalpenak eman zituzten zinegotziek.
Hirigintza
Luisma Diez Hirigintza eta Obra zinegotziak nabarmendu zuenez, egun hartzen diren erabakiek gerora izango dute eragina, eta horretarako, “herri honek dituen puntu sendoak, ahulak, abantailak eta desabantailak identifikatu” behar direla azaldu zuen.
Duela zortzi urte martxan jarri zuten Hirigintza Plan Orokorra “zaharkituta” gelditu delakoan, Mugikortasun Plan Orokor berria martxan jarri behar dela esan zuen.
Biziberritze ekonomikoa
Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotziak, ekonomiaz hitz egin zuen. Hala, Gobernu Taldeak udalaren eskumen ekonomikoak indartzearen aldeko apustua egingo duela iragarri zuen, “alde soziala indartuz”.
Hiru lan ildo proposatu zituen biziberritze ekonomikoaren arloan: herria eskualdeko “motor ekonomiko gisa kokatu”, Herrilab egitasmoa martxan jarri, eta kultura ezinbesteko ardatz bezala jarri. Horrez gain, udalak lanpostuak sustatu eta sortzeko “politika eraginkorrak” abiarazi behar dituela adierazi zuen.
Herri bizia
Larunbateko ekitaldiaren leloa Bidea egiten izan zen, eta bidea egite hori etorkizunean herri bizi bat egiteko asmoarekin izango dela esan zuen Irune Balentziaga Euskara eta Kultura zinegotziak. Errenteria-Orereta “nortasun eta mugimendu handiko” herria izan arren, “bizitzeko leku hobe” izan dadin, hainbat egitasmo jarriko dituzte martxan: Oiartzun ibaia eta Altzateko gunea berreskuratu; Añarbe, Listorreta eta Lau Haizeta egokitu; Beraungo igerilekuak bukatu; eta erdigune historikoa biziberritu.
Horrez gain, 2012-2016 Jasangarritasun Plana ere abian jarri nahi dute, Berdintasun Saila sortu eta gazteriaren parte hartzea sustatzeaz gain, aisiarako eskaintza zabaldu. Ikastetxe publikoen baliabideak ere hobetu nahi dituzte.
Parte hartzea
Herritarren dinamikek gune bat izateko parte hartzea bultzatuko dutela iragarri zuen Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerreko zinegotziak. Horrez gain, auzoetako batzarrei jarraipena emango dietela esan zuen, eta auzolanean egindako lanak sustatuko dituztela. Ingurumen eta Eskola kontseiluak sortuko dituztela iragarri zuen, eta Hirigintza eta Euskarakoak ere sustatuko dituztela.
Gardentasuna
Teknologia berriak baliatuko dituzte parte hartzerako eta baita udalaren gardentasuna erakusteko ere, Asier Mujika zinegotziak azaldu zuenez. Ildo horretatik, webgune bat prestatzen ari direla aurreratu zuen.









