Guztia erabakitzeke egon arren, aldaketarako gogoa nagusi da Errenterian

Bilduren garaipenak aldaketarako bidea ireki du Errenteria-Oreretan PSE-EEren 28 urteko agintaldiaren ostean. Orain, akordioak gertutik jarraitu beharko dira Udala nola osatzen den ikusteko.

Mendoza: “Pena litzateke horrelako aukera bat galtzea”
Julen Mendoza Bilduko zerrendaburuak aldaketa posible ikusten du, eta “konfiantza botoa” eman du:  “Herrian aldaketa hori eskatzen ari dira. Izugarrizko pena litzateke horrelako aukera bat galtzea. Baina nik uste dut hori ez dela gertatuko”. EAJ da horretarako giltza, eta Mendozak uste du berak erabakiko duela zer gertatzen den: “PSE-EErekin batzen bada bere erabaki bat da, baina iruditzen zait izugarrizko desilusioa ematea litzatekeela Orereta-Errenteriako gizarteari”.

Ildo horretatik, euren esku dagoen guztia egiteko prest daudela berretsi du: “Guztiok ardura politiko osoz jokatu behar dugu. Gizarteak emendatzen gaituenari erantzun behar diogu, eta espero dut beste alderdiek ere maila hori ematea”.

Merino: “Emaitzekin frustratuta nago”
Juan Carlos Merino PSE-EEko zerrendaburuak eta jarduneko alkateak bere alderdiak jasotako emaitzak “pozgarriak ez direla” adierazi du. Herritarren eskaerak ez ulertu izana egon daiteke emaitzen atzean Merinoren ustez, “baina azterketa lasaiagoa egin beharko dugu”. Iragarpenak egiteko goizegi dela iritzi dio: “Oraintxe bertan ez naiz gai horretarako, alkate izaten jarraitzea zailagoa badut ere lehiaketetan bezala honetan ere ez dut aldez aurretik amore emango”.

Bilduk jasotako emaitzen gainean ezadostasuna erakutsi du Merinok, “baina herritarrek modu askean erabaki dute, eta nik onartu baino ezin dut egin”, esan du .

Peña: “Denok bozkatzea izan dugu, eta hori positiboa da”
Maite Peña EAJko zerrendaburua pozik azaldu da bere alderdiak jasotako emaitzekin, eta PSE-EEk izandako boto galerarekin batera “Bilduk erakutsi duen indarra” nabarmendu du.

Peñak beste alderdiekin oraingoz inongo harremanik ez dutela izan azaldu du, baina proposamenak jasotzeko irekita daudela esan du: “Beti ere gure alderdiak dituen helburuak kontuan harturik eta lan ildoa mantenduz lau urte hauetan egin dugun moduan”. Hauteskundeen emaitzak Udalaren kolorea aldatu dutela eta “agertoki polita sor daitekela”, nabarmendu du Peñak Horretarako, baina, “eseri, helburuak aztertu eta errenteriarrentzat zein etorkizun nahi dugun zehaztu behar dugu”. Emaitzak herritarrek eskatzen duten “aldaketaren isla” direla nabarmendu du, “eta espero dut hutsik ez diegula egingo”.

Ferradas, aldaketaren alde
Alkatetza erabakitzeko giltza ez bada ere, Jose Manuel Ferradas Ezker Batuko zinegotziak aldaketaren alde egingo duela iragarri du: “EBtik uste dugu errenteriarrek adierazi dutela beste pertsona batzuk eta beste alderdi batzuk egotea nahi dutela Udalaren buruan, eta gure herriak behar duen aldaketarako neurriak jarri behar direla martxan. Gure aldetik, aldaketa hori posible egiteko prest gaude”. Lortutako emaitzei dagokienez, emaitza hobeak lortzea espero bazuten ere, bozkatzeko lau aukera handietatik kanpo alderdi bakarra izan direla ordezkaritza lortzen nabarmendu du.

Etiketak: , , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Sanagustin kulturgunea
9,00 €

deskontua

%25

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)